Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean eta Gizarte Etxe guztietan egongo da izen emate aukera, internetez gain, udazkenean, hamaika egunez, egingo den euskararen aldeko ekimenerako.

Euskaraldia: 11 egun euskaraz ekimenak Gasteizko izen ematea hasi du. Ekimenera batu diren hamaika lagunek elkartu dira goizean Gasteizko Oihaneder Euskaraen Etxean egin den agerraldian. Gasteizko udaletxeko ordezkari ezberdinak, Iñaki Prusilla buru, Hamaikakoko kide diren Marina Sagastizabal, Natasha Rueda eta Itziar Azpeitia, euskalgintzako kideak, Gasteizko herritar ugarirekin batera ilara egiten egon dira gaur goizea izena emateko. Modu pertsonalean eta borondatez, Euskaraldian parte hartzea erabaki dute, Belarriprest eta Ahobizi rolen bitartez. Hala, herritarren izen ematea aktibatzeko lehen deia egin dute.

Euskaraldia, 11 egun euskaraz

Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herri osoan egingo den ekimena da, eta hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa soziala izango da. Horretarako, hamaika egunez, bi rol izango dira aukeran: Ahobizi (ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet) eta Belarriprest (egidazu euskaraz, nik ulertzen dut. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut). Ekimenean izena emateko epea irailarean 20an zabaldu da, eta 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute.

Euskaraldia euskalgintza eta erakundeen artean antolatzen ari den ekimena da, besteak beste, Gasteizko udala bultzatzaile nagusietakoa da.

Izen ematea internet bidez eman ahal izango da http://izenematea.euskaraldia.eus/ web orriaren bitartez, baina baita Gasteizko Gizarte Etxe guztietan ere. Gainera, Oihaneder Euskararen etxean, astelehenetik ostiralera 17:30etatik 20:30etara izen emateko aukeraz aparte, zalantzak argitzeko gune bat egongo da.

Bitartean, auzoz auzoz eta hainbat enpresa eta entitatetan batzordeak eratu dira, herriko eragile eta euskaltzaleekin batera, ekimenaren inguruko informazioa zabaltzeko eta inguruan Ahobizi eta Belarriprest berriak aktibatzeko. Gasteizko Euskaraldiak batzorde hauetan parte hartzeko gonbita luzatu nahi die herritar guztiei.